Ipuin bat

Ipuin bat, edo kondaira. Edo kontakizuna edo familia historia bat. Berak aitortzen duen bezala, berea, pixka bat ezagutu, eta Gasteizko Montehermoson erakusgai daukan lana aurkezteko.

Orain urte asko, jatorri ezezaguneko Sorbonako ikasle batek (armeniarra beharbada, edo judutarra), Santio bidea egiteko hitza eman zuen, antza. Luzaidera inguratuta, lehenago beste asko bezala, maitemindu egin zen, eta promesa ahaztu.

Herritarrek, estudiantearen arroztasuna hain ageriko eta berezia izaki, arrotza-garai deitu zioten. Goian bizi den atzerritarra.

Ondorengo belaunalditan, familia beste lurralde batzutara zabaldu zen, lehen enbor hartatik adar desberdinak emanez.

Aitaren aitak, aitatxik, Joanes zuen izena. Haren anaiak, Manez. Euskal izenez bataiatuak biak. Estatu Batuetarakoa egin zuten biek, artzain lanetara. Ez zitzaien gaizki joan, eta hogeita hamar urtez gogor lan egin ondoren itzuli ziren, indiano. Berriz ere, arrotz.

Aitaren ama, amatxi Eulalia frantzesa zen. Lope zuen deitura; garai batean, Pirineotako jendeek (Hueskakoek adibidez) Maulen alpargatak egiteko gurutzatzen zuten mendi muga. Amatxi ere Ameriketara joan zen, eta han ezagutu zuen aitatxi.

Jarraitzen du familia historiak, izen aldaketa eta guzi. Baina, deiturak iraun du. Gaurko gure gonbidatuaren deitura da: Arrosagaray. Eta historia hau, historia familiar bat, berak esaten duenez, eta seguruasko ez bakarra, berea da. Blogean dauka zintzilikatua, eta bertan aitortzen du, litekeena dela ez izatea historia osoa, edo ezta zuzena ere, baina, baina bera, eta hemen dator, bere aldarria, bera, deitura eman dioten pertsona haiekin, ezagutu ez zituen pertsona haiekin identifikatua sentitzen dela: arrotza-garai, goian bizi den atzerritarra…


Arantxa Iturbe. Arratsean, Euskadi irratian, irakurria
                       2014ko otsailak 3, iluntzeko zortzietan.